Egin zaitez laguntzaile eta gozatu eskaintzen dituen abantailez NOLA?

Arrow up
Arrow down
KORRIKAREN edari ofizialak KORRIKAREN edari ofizialak
Astelehena, 22 Urtarrila 2024 10:20

Kalean dira ikastetxeetarako 23. KORRIKAren unitate didaktikoak, AEKren eta Ikastolen Elkartearen elkarlanari esker

Euskal Herri osoko eskoletan zabaltzeko unitate didaktiko horiek eskuragarri daude webgune honetan. Ikasmaterialak adinaren arabera sailkatuta daude, Haur Hezkuntzatik Batxilergora. Hainbat berrikuntza dakarte, baina betiko helburuak: euskararen aldeko jarrera zabaldu, euskararen aldeko kontzientzia suspertu, eta erabileran eragitea; eta, nola ez, KORRIKA ezagutaraztea. Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitate didaktikoen egilearekin elkarrizketa laburra izan dugu.

Argazkian, AEK-ko Artezkaritza kide Aize Otaño, KORRIKA arduradun Ane Elordi, Orereta ikastolako irakasle eta Unitate didaktikoaren egile Iñaki Zapirain eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola.

KORRIKAren azken bi edizioetan bezala, unitate didaktikoak modu digitalean argitaratu dira. Unitateok helburu dute euskararen erabilera sustatzea eta indartzea eta, noski, euskararen aldeko ekimenaren girotze-lana egitea.

Era berean, aipatzekoa da jarduerak ez direla soilik euskara arloan lantzekoak. Izan ere, hainbat irakasgaitan erabiltzeko pentsatuta daude, Gorputz Hezkuntzan, esaterako.

Unitateak adinaren arabera sailkatuta daude, eta, edizio honetan, izen berriekin datoz:

HARRO unitatea, 3-6 urte bitartekoentzat.
HERRI unitatea, 6-9 urte bitartekoentzat.
ORRO unitatea, 9-12 urte bitartekoentzat.
KORRI unitatea, ikasle nagusientzat (12-18 urte bitartekoak).

HARRO eta HERRI unitateetan, ikasgelako arbela digitalean proiektatzea proposatzen da. ORRO eta KORRI unitateetan, ordea, ikasleek ordenagailu eramangarriak erabil ditzakete webgunean sartzeko.

Gida didaktikoak irakasleei ere badaude zuzenduta. Unitate bakoitzari dagokion gida deskargatzeko aukera dago; jarduerak aurrera eramateko argibide guztiak daude bertan.

Iraupenari dagokionez, bi asteko kanpaina egitea proposatzen da. Hori bai, irakasle bakoitzaren esku geratzen da edukiak denbora luzeagoz erabili edo proposamenak laburtzea.

Prozedurari dagokionez, gauza bera: edukiak adin-tarteka banatuta egon arren eta jarduerek nolabaiteko hurrenkera bat badaukate ere, irakasle-taldearen esku geratuko da jarduera guztiak gauzatu ala ez, aukeraketa bat egingo den, beste adin-tarte baterako jardueraren bat egokitu nahi duten… Azken batean, materiala ez da zurruna eta nahieran erabil daiteke.

Edukiak eta berrikuntzak

Ispilu harrogarria. Goiatz Labandibar idazlearen ipuin batek ematen die lotura jarduerei. Ipuineko protagonistak Nora eta Harri izeneko bi ume dira, eta, edizio honetako leloari (HARRO HERRI) erreferentzia eginda, hainbat gairen inguruan hausnartuko dute ikasleek: lotsari buruz hitz egitea, harro sentitzearen garrantzia... Lur Kortak egin du ipuinaren kontaketa.

Harro, herri, korri! esku-jolasa. Harri, orri, ar jolasa aitzakia gisa hartuta, Irundik Baionara doan ibilbidea osatu beharko dute.

Artelana. Edizio honetako mihiseak, 23. KORRIKAren logoaren atzeko hondoak, euskararen eta euskal kulturako erreferentzia pila bat ditu. Ikasleek horiek identifikatu beharko dituzte, antzeko irudiak sortu eta horma-irudi handi bat eraiki.

Omenaldia jarduera. KORRIKAren omenduen inguruko lanketa. Iparraldeko lagunek azterketak euskaraz egiteko dituzten arazoez jabetzea da jardueraren helburua, eta Azterketak euskaraz kolektiboari elkartasun-gutunak bidaltzea proposatzen da. Horrekin lotuta, 23. KORRIKAren dokumentalaren inguruan zineforum bat egitea ere iradokitzen zaie ikasle helduenei.

Ozto(poz) lasterketa. KORRIKAk ibilbidean zehar gainditu behar izaten dituen oztopoei erreferentzia egiten die jarduerak. Gorputz Hezkuntzako saioetan, oztopoz beteriko zirkuitu bat gauzatzea proposatzen da bertan.

Plazara dantzara! jarduera ere topatuko dugu. Edizio honetarako Myrian Perezek sortu duen koreografia, alegia.

Korrikahoot jolasak. KORRIKAren historia hobeto ezagutzeko.

Bingo musikatua. Hainbat ediziotako kantak ezagutzeko ariketa.

Dagoeneko klasiko bihurtu diren jarduerak ere badaude: petoa, lekukoa, ibilbidea, mezua…

Esan bezala, unitate didaktikoen bilduma hemen dago eskuragarri: www.korrika.eus webgunean, hemen zehazki.

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

Azken aldaketa: Astelehena, 22 Urtarrila 2024 13:01