Aizu! Aizu!
Astelehena, 05 Otsaila 2024 12:40

“Xiberua kantu loraturik” ikuskariaren estreinaldia Korrika Kulturalaren baitan

Gaur, Gaiarre antzokian, Nafarroako arduradun Asier Biurrunek KORRIKA Kulturalaren baitan estreinatuko den Xiberua kantu loraturik ekitaldiaren berri eman du.

Xiberua kantu loraturik Loraldiak ekoitzitako azken ikuskaria da, eta Zuberoako kantu tradizionalak ikuspegi garaikideaz taularatzen ditu. Otsailaren 22an aurkeztuko da Iruñeko Gaiarre Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak antzokiaren webgunean eskura daitezke, 7 edo 5 euroan, laguntzaileek ekitaldi honetan ere abantaila izanen baitute.

Biurrunek gogora ekarri du Loraldiko beste bi ekoizpen ere Korrika Kulturalaren esparruan estreinatu direla: Kalaportu (2019) eta Hautsi da anphora (2022), batak zein besteak arrakasta handia lortuta. Biurrunek gehitu du azken ekoizpen hau garatzeko, Ipar Euskal Herrian aurki daitezkeen musikaririk eta ahotsik ederrenak eta berritzaileenak bildu direla, horien artean bere ondoan zegoen Julen Achiary, zeina, ahotsa eta perkusioa izateaz gain, gidari artistiko arituko den, Beñat Achiaryrekin batera.

Ondoren, Julen Achyaryk hartu du hitza, eta azaldu du Zuberoako sortzaileek tradiziotik abiatuta kultura garaikide aberatsa loratu dutela. Basa-aireak, kantuak eta irudiak uztartzen dituen ikuskaria dela aurreratu ostean, herri-kantu horien aberastasun esentzialarekin esperimentatzeko gonbita luzatu du.

“Iraganari so egingo diogu geroa marrazteko. Antzinako kantuak izango dira, baina garaikidetasun-eremuan kokatuko ditugu. “Belatxa” kantan, adibidez, non hegazti baten hegaldia kantatzen den, ez da faltako sormen zirraragarria. Gaur egun, orain dela milaka urte bezala, naturak eskaintzen digun nortasunaz baliatzen gara. Etorkizuneko hodeiertza dugu ikusmiran” gehitu du, ekoizpen hau aurrera aterako duen sortzaile-taldeari erreparatu aurretik.

Bukatzeko, Biurrrunek Korrika Kulturalaren baitan Nafarroa osoan egingo diren hainbat ekitaldi aurkeztu ditu: Lander Garroren Oihaletxea dokumentala, eMCumeak”Antsoainen, Belarriprest Tafallan, Euskaldun berrien kluba Bortzirietan eta Mugiron, Gure erro eroak Zangozan, BADON* Auritzen eta Altsasun edo Bihotz... bi hots Iruñean, besteak beste. Amaieran, gogorarazi du, hurrengo asteotako agenda ekitaldiz elikatzen den heinean, KORRIKAren webgunearen AGENDA atalean ere eguneratuta egongo dela ikusgai.

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

Azken aldaketa: Astelehena, 05 Otsaila 2024 20:15