AEK-KORRIKAko ordezkaritza batek Bretainiara egingo du bidaia asteburu honetan, bertako hizkuntzaren aldeko mobilizazio batean parte hartzeko. Gurekin batera, La Passem-eko -okzitanieraren aldeko lasterketa- lagunak ere izango dira.
Aurreko ikasturteko lan ildoari jarraiki, hizkuntza gutxituen aldeko aliantzak osatzen jarraitzeko eta hobetzeko asmoa dugu, horregatik, Ar Redadeg, bertako Korrika ahizparen gure lagunekin bilduko gara. Besteak beste, hizkuntza bakoitzaren egoera eta hurrengo ikasturteko plangintza bateratua jorratuko ditugu.
Korrika, La Passem eta Ar Redadeg biltzen diren ikasturteko bigarren bilera izango da, eta urtea amaitu aurretik hirugarren bat egitea aurreikusten da. Bileraren ondoren, Diwanen -Bretoiera irakasten duten zentroak -aldeko manifestazioan parte hartuko dugu, larunbat honetan 14:00etan, Roazhon-Rennes hirian.
AEKko Nazio Kontseiluko Lurdes Etxezarreta eta Maialen Begiristain izango dira bertan; Korrikatik, Ane Elordi arduradun nagusia, eta Tito Serrano bigarren arduraduna. Baita Maider Heguy eta Ihintz Oliden ere, Iparraldeko AEKko Lehendakaria eta Ipar Euskal Herriko koordinatzailea.