Printzipioetan bat egiten dute Errigorak eta AEKk: euskararen sustapena eta burujabetza
Errigorak jaso du 24. KORRIKAren gorazarrea. Korrikak aitortza egin gura izan dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik, baita babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin ere. Omenaldi-ekitaldia gaur (urtarrilak 31) izan da, Durangoko Plateruenan. Bertan, Orburutxo eta Zainzuriñe Errigoraren panpinak aurkeztu dituzte; Korrikak bere ibilbidean izango dituen bidelagunak dira, eta Atharratzetik Bilbora, Euskal Herriko hamaika txokotan ikusiko ditugunak. Ospakizun-eguna biribiltzeko, bazkaria egin da, bazkideekin batera.
Hiru ardatz nagusi ditu Errigorak: euskara, auzolana eta elikadura-burujabetza. Aterpe irekia eskaintzen die Ager eremuko herritarrei eta euskalgintzari, Euskal Herri osoko kontsumitzaileei eta ekoizleei. Alegia, 24. KORRIKAren leloaren ―EUSKARA GARA― adibide ezin hobea da Errigora; AEKren Nazio Kontseiluko kide Xabi Gartziak definitu bezala, “amesten dugun Euskal Herriaren egileak”.
Ekimenaren sorrerak gogoratu ditu Gartziak: Korrika legez, “ideia sinple bezain ausart moduan” jaio zen, eta denborak erakutsi du “arrakastatsua eta bikaina” dela. Gartziaren hitzetan, bada beste antzekotasun bat Errigoraren eta Korrikaren artean: “Errigora eskuz esku, fisikoki eta natural zabaltzen da, Korrikaren lekukoa bezalaxe”.
Ane Elordi Korrika arduradunak hartu du hitza jarraian. Gartziak esandakoaren ildotik, aipatu du AEKk eta Errigorak bat egiten dutela printzipioetan: euskararen sustapena eta burujabetza. “Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora”, adierazi du.
Era berean, dei egin dio jendarteari, martxoaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora, Euskal Herri osoan Errigora omentzeko eta hauspotzeko: “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, 24. Korrikaren bitartez, Errigorak euskalduntzean egiten duen ahalegina aintzatesteko era izango da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere”.
Errigoraren izenean, Adriana Urmenetak eta Irati Abiok hartu dute hitza ondoren, eta AEKri beren esker ona adierazi diote: “eskerrak eman nahi dizkiogu Korrikari, bere 24. edizio honetan Errigoraren lana omentzeagatik. Ekimen gutxik daukate urtetik urtera herri honen grinari bizirik eusteko gaitasun magiko hori, eta, dudarik gabe, Korrika da horietako bat da. Eta, nola ez, Errigorako kideongan ere eragiten ditu bizipoz eta harrotasun horiek edizio orotan”.
Bukatzeko, Elordik, Gartziak, Urmenetak eta Abiok, txalo-zaparrada artean, topa egin dute ospakizun-egunari hasiera emateko. Ostean, Errigorako bazkideekin batera, bazkaria egin dute, eta Kittu txarangaren eta DJ Bullen musikak girotu du arratsaldea.
Zainzuriñe eta Orburutxo, Errigoraren ordezkari
Anabel Arraiza eta Aritz Ganboa omenaldi-ekitaldiaren gidariek, Orburutxo eta Zainzuriñe panpinak aurkeztu dituzte primizian. Martxoaren 19tik 29ra, bi lagun horiek non dauden identifikatzen dituztenek ―lasterketa bitartean, 24 orduko zuzenekoan eta/edo Korrika aplikazioan―- sorpresaren bat izango dute. Laster, informazio gehiago.
ZORIONAK, ERRIGORA!
Korrikaren webguneko atal honetan informazio gehiago.
www.errigora.eus