Egin zaitez laguntzaile eta gozatu eskaintzen dituen abantailez NOLA?

Arrow up
Arrow down
Ahize Ahize

Korrika munduan

KORRIKAk Euskal Herriko mugak zeharkatzen ditu, munduan zehar hainbat tokitan antolatzen dute euskararen aldeko lasterketa. 21. korrikak 4 kontinente eta 45 hiri hartu zituen, ea 22. korrikak zer dakarren!
Hemen bilduko ditugu munduko KORRIKA guztiak.

Image

Lasterketa erraldoiaz gain, munduan zehar ere badira KORRIKA batzuk. Izan ere, planeta osoan badaude KORRIKAren eta euskararen alde egin duten euskaltzaleak, eta ia kontinente guztietan gauzatu ohi dira edizio bakoitzarekin bat egiten duten ekimenak.

KORRIKA AHIZPAK

Ar Redadeg
Image

Bretoieraren alde.

Gau eta egunez Bretainia zeharkatzen duen korrikaldia Euskal Herrikoaren isla da; lekuko, mezu sekretua eta guzti. 2008an lehen edizioa izan zen; 2022ko maiatzean zortzigarrena izango da, maiatzaren 20tik 28ra.

Correllengua
Image

Katalanaren alde.

1993an jazo zen antzeko ekintza bat Mallorkan, 1995ean Valentzian eta 1996tik aurrera Herrialde Katalan orotan. Lau zutabetan egindako lasterketa herrikoi multzo batean datza.

Correlingua
Image

Galizieraren alde.

Esperientzia katalanaren antzeko ekimen hau 2000. urtean hasi zen, Dia das letras gallegas ekintzen artean bilduta. 2021ean, pandemia tarteko, hainbat ekimen aurrera atera dute.

La Passem
Image

Okzitanieraren alde.

Okzitania zeharkatzen duen lasterketa. Lehen edizioa 2018an izan zen. 2022an, ekainaren 2tik 5era izan da.

Ras yr Iaith
Image

Galesaren alde.

Ahizpa gazteenetarikoa, Galesena. Lehenengo edizioa 2014koa da; bigarrena, iazkoa. Gauean korrika egin ez, baina honek ere badu lekukoa eta mezua. Azkena, tamalez, bertan behera utzi behar izan zuten.

Rith
Image

Gaelikoaren alde.

Irlandar irla osotik igarotzen den lasterketa da Rith. Seachtain na Gaeilge irlandar hizkuntzaren astean egiten da, 2010ean ekin zioten lehenengoa egiteari eta KORRIKAk eta Ar Redadeg-ek duten formatu berbera dauka.

Sprochrenner
Image

Alsazieraren alde.

KORRIKAk Alsazian ahizpa berri bat ukan du. Lasterketaren lehenengo edizioa 2020ko maiatzaren 31n abiatu zen eta 340 kilometro egin zituen. 2022an, ekainaren 4tik 6ra burutu zen.

Lefkantun
Image

Mapuche-en mapuzugun hizkuntzaren alde.

Mapuzuguletuaiñ elkarteak antolatutako lasterketa herrikoi hau iaz jaio zen, mapuzugun hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Aurtengo edizioa bigarrena izan da.

KORRIKA Munduan bideo-lehiaketa

22. Korrika martxoaren 31tik apirilaren 10era ibiliko da euskal errepideetan zehar, Amurriotik Donostiara, euskararen aldeko aldarria eginez. Baina ez da soilik Euskal Herrira mugatuko; izan ere, azken urteetan bezala, aurten ere KORRIKAREN lekukoa nazioarteko txoko guztietara iritsiko da. AEK eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker, KORRIKA txikiak eta egitarau bereziak antolatuko dira nazioarteko hainbat unibertsitate eta Euskal Etxetan.

Tartean, hirugarren aldiz antolatu da dagoeneko abian den bideo-lehiaketa. Mundu osoko ikasleek euskararen aldeko aldarriak bidali dituzte bideo formatuan. AEKren YouTubeko kanalean jarri ditugu ikusgai; eta ikusleek gustukoenen alde bozkatzeko aukera dute!

“Atsegin dut” gehien dituzten bi bideoek (kategoria bakoitzeko batek) irabazi dute: munduko Euskal Etxeetatik bidalitako bideoen artean bozkatuenak eta nazioarteko unibertsitateetako irakurletzetatik jasotako bideo bozkatuenak. Irabazleek online barnetegi bat egiteko aukera izango dute euskararen ikaskuntzan sakontzeko.

Zorionak Julio eta Lena!
Eta eskerrik asko 22. korrikari babesa adierazteagatik! Polonia eta Valladolidetik jasotako bideak izan dira aurten irabazle. Gozatu irabazitako online barnetegia!
 

Bideo guztiak hemen

Image
Poznanetik Lena Bialkowska
Valladolidetik Josu Navas