Korrika Kulturalaren katalogoa
Korrika Kulturalaren bitartez, AEKk kalitate handiko kultur eskaintza egiten dio Euskal Herriari, euskal kulturaren askotariko adierazpideak bazter guztietara eramanez, Korrikaren alde egindako lana eskertzeko asmoz.
Bagabiltza hurrengo Korrika Kulturalerako katalogoa osatzen, 2025/2026 ikasturtean gure herrietan euskara eta euskal kultura lau haizeetara zabaltzeko, Korrikarekin batera. Beraz, baldin eta sortzailea bazara eta zeure ikuskizuna Kulturalean eskaini nahi baduzu, jarri harremanetan gurekin: korrika-kulturala@abarprodukzioak.com
Era berean, zure herrian, auzoan... ikuskizunen bat antolatu nahi baduzu, bete galdetegi hau, mesedez.
TALDEAREN IZENA: Lanku Bertso Zerbitzuak
EMANALDIAREN IZENBURUA: 1TZ4L1 3T4 P1ZTU. Bertso saio elektronikoa
EMANALDI MOTA: Bertso saio musikatu elektronikoa
PUBLIKO: Gazteak eta helduak
SINOPSIA
Zuzeneko musika elektronikoa eta bat-bateko bertsolaritzaren arteko elkarlana du abiapuntu planteamendu musikal berriak. Bi diziplina orain arte bereiziak modu malgu eta librean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen arituko gara.
Musika elektronikoaren ohiko estilo eta doinuetara jauzi egingo dugu. Bertsolariek doinutegi berritu eta birmoldatu baten gainean inprobisatu beharko dute musika elektroniko aktualaren egile garrantzitsuen abesti eta doinuak bertso-neurrietara ekarriz. Bertso-doinu berriak sortuko dituzte abesti elektronikoak bertsionatuta, besteak beste, reggaetona, reggaea, baladak, cumbia edota popa bertsotara bihurtuz. Bertso-doinutegi tradizionalaren ondarearen parte diren doinuak ere bertsionatuko dira musika elektronikoaren bidez, erritmo berrietara ekarriz eta ahots-efektuak baliatuz.
Partaide guztiak ariko dira inprobisazioaren soka finaren gainean sortzen: musikariek bertsolarien tonu, erritmo, denbora eta melodia propioetara moldatu beharko dute zuzenean, egoerari egokituz eta horren arabera inprobisatuz unean uneko doinuak. Era berean, bertsolariek oinarri musikal horren gainean dagokien gaiarekin sortu beharko dituzte bat-bateko bertsoak.
LOTURA


