Ahize Ahize
Monday, 11 March 2024 10:37

Dena prest Irunen, 23. KORRIKAri hasiera emateko

Datorren ostegunean, martxoaren 14an, Irunen hitzordu garrantzitsua du Euskal Herriko jendarteak; izan ere, “Harro Herri” lelopean, 23. KORRIKA bertatik abiatuko da, arratsaldeko 16:00etan. Goiz-goizetik giro ezin hobea izango da hirian, hainbat ekimen antolatuta.
Egun osoko jaia prestatu dute Irungo herritarrek 23. KORRIKAri hasiera emateko. Egitaraua goizeko 11:00ak aldera hasiko da, Gazte Korrikarekin, eta goiz osoan hainbat ekimenek alaituko dute eguna: Muxikoak (Almudena Grandes plazan), bertso triki-poteoa eta artisau-azoka, besteak beste. HEMEN KORRIKAren HASIERA EGUNEKO INFORMAZIO GUZTIA.

Ondoren, 15:30 aldera, 23. KORRIKAren hasiera-ekitaldia izango da, San Juan plazan instalatuko den oholtzan. Bertan, AEKren hainbat eledunek hastapena emango diote lasterketa erraldoiari, Maddi Sanz arpa-joleak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariak lagundurik.

Behin mezua lekuko barruan sartuta, 16:00etan abiatuko da KORRIKA. Lehen kilometroa Bidasoko AEK euskaltegiko 11 irakaslek egingo dute. Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, «Lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, KORRIKAk hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko».

Lehendabiziko gauaren bila KORRIKAk Lapurdin barrena segitzen duen bitartean, Irunen jaiak segituko du, kontzertu eta ekitaldi anitz (denak Mosku plazaren inguruan): Burrunba elektrotxaranga tabernetatik, eta Esne Beltzaren zein Bad Sound-en kontzertuak agertokian. Horrez gain, bi txosna ere egongo dira edariez horniturik eta beste bat jatekoez, Moskun bertan, 12:30etik gauerdira arte.

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

Last modified on Monday, 11 March 2024 11:59
º