AEKren hainbat eledunek hastapena eman diote lasterketa erraldoiari, Xiberoko dantzariek eta Mikel eta Paxkal Indo txalapariek lagundurik. Ipar Euskal Herriko AEKren lehendakari Maider Heguyk eta AEKren Nazio Kontseiluko kide Bixente Claveriek azaldu dute oraindik zein beharrekoa den Korrika: “Euskararen aldeko engaiamendua da, euskara defendatzeko, maitatzeko eta transmisioan segitzeko”.
Claveriek aipatu bezala, Korrikaren Atharratzetik Bilborainoko bideak badu zenbait parekotasun gure hizkuntzarekin: “herri oso bat zeharkatzea, herri oso bat lotzea eta herri oso bat bizirik sentiaraztea”. Euskara gara lelopean, euskara “gure identitatea” dela azpimarratu du: “Euskara gara gu, eta gu gabe ez dago euskararik”.
Bestalde, Korrikari ezin hasiera eman euskararen egoera larriari erreferentzia egin gabe: ofizialtasun faltak, oldarraldi judizialak eta instituzioen atzerapausoek euskararen garapena oztopatzen dute. AEKk helduen euskalduntzea, doakoa eta unibertsala, erdigunean ipini nahi du, baina horretarako baldintzak bete beharko dira: “lidergo politikoa, hizkuntza-politika sendoa eta baliabide errealak”, adierazi du Claveriek.
Bixente Claverie AEKren Nazio Kontseiluko kidearen hitzartzea, hemen.
Basabürüko euskalgintzaren izenean, Oihana Larrandaburu Sohütako ikastolako zuzendariak ere hartu du hitza ekitaldian. Euskarak “behar duen lekua hartu behar duela” azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie belaunaldiz belaunaldi euskararen alde “inurri” lana egiten ibili diren guztiei, “haiei esker eüskara giralako”.

Ondoren, azken egunean (martxoaren 29an, Bilbon) irakurriko den mezu sekretua sartu du lekukoan Ane Elordi ekimenaren arduradunak, Korrikari hasiera ematearren. Euskararen aldeko ekimen erraldoiak berriro erakutsiko du ez duela mugarik: herri bakoitza euskararen plaza bihurtuko da-eta; pertsona bakoitza, hizkuntzaren zaindari tipi baina indartsu.
Lehendabiziko kilometroak
Euskal Irratietako Irulegiko Irratiko Xarlot Etxeberrik eta Euskal Irratien lehendakari den Ximun Carrerek eraman dute lekukoa lehendabiziko kilometroan, banderolaren gibelean ziren beste irratietako ordezkariek segiturik.
Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegi Irratia, Amikuzeko Irratia eta Antxeta Irratiko langile eta laguntzaileek eraman dute lekukoa lehendabiziko kilometroan. Horrela, AEK-KORRIKAk goraipatu nahi izan du Ipar Euskal Herrian euskarazko kazetaritzak euskararen normalizazioan egiten duen lana.
Xiberoko Ikastolak hartu du ondoren; gero hainbatek, hurrenkera honetan: Atharratzeko Herriko Etxeak eta Euskal Herria Hirigune elkargoak, AEKren Mintzalagun proiektuak, Euskarabenturak... (Lekuko-eramaile guztiak, Korrika aplikazioan).
Ondoren, Maulen barrena ibiliko da Korrika, 17:00ak aldera. Ikusi Korrikaren ibilbide osoa hemen.
Jaiak aurrera jarraitzen du!
Korrikak Basabürü eskualdea zeharkatu bitartean, Maulen jai-giroan jarraituko dute. Hemen hasiera-eguneko jaiaren egitaraua.
Egin bat Korrikarekin
KORRIKAri zuzeneko jarraipena egin ahal diogu Korrikaren webgunean zein sare sozialetan. Horrez gain, Korrika aplikazioan jarraitu ahal izango dugu, 24 orduz eta etenik gabe. Gainera, bi tresna horietan Korrika klik-klak! bideo-kronikak zabalduko dira, non egun bakoitzeko jarduna laburbildu eta Korrikaren zuzeneko seinaletik ihes egiten duen guztia jasoko den. Azkenik, furgonetako geolokalizazioaren bidez, une oro jakingo duzue non dabilen Korrika.
Deskargatu (iOS eta Android bertsioak); doakoa da, gainera!
Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!
Heldu da momentua, erakuts dezagun euskara garela. Martxoaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora!

