Aizu! Aizu!
Igandea, 24 Martxoa 2024 11:34

Harrotasunez, 23. KORRIKA Irundik Baionarat iritsi da

Amaitu da 23. KORRIKA, eta dagoeneko ezagutzen dugu Euskal Herri osotik eskuz esku pasatu den lekukoaren barruko mezu sekretuaren edukia. Aurtengo mezuaren egileak, Garazi Arrula Ruizek, plazaratu du lekukoaren barnean iritsitako testua Baionako Herriko Etxearen parean; Irundik atera eta 11 egunetara.

Harro Herri”
Garazi Arrularen mezu gogoangarriak azpimarratu du “KORRIKA dela herri bat gose: euskaraz harro bizitzeko gosea”; eta herri horrek ez duela euskararekiko “kontingentzia planik” nahi; baizik eta “egiazko trantsizioa”. Halaber, Arrulak bere mezuan esaten duenez, “desira transmisiorako bide behinena” izanagatik, ez dugula ahaztu behar “hizkuntzaren auzia politikoa dela; eta urgentziazkoa”. Euskararen komunitatea zabaltzeko gura ere aipatu du mezuaren egileak: “Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Garenak eta izango direnak, etorri direnak eta etortzen ari direnak, dagoeneko bagarenak/badirenak”.

 

 

AEKren mezua, eta egun osoko besta
Horren ondoren, AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea Bixente Claveriek eta AEK-ko Iparraldeko lehendakaria Maider Hegik, bota dituzte AEKren izenean 23. KORRIKA bukatu ondorengo lehen hitzak (HEMEN daude irakurgai).

Pantxika Maitia kazetariak gidatu du amaiera-ekitaldia; eta, bukatzeko, egun osoko azken jaian guztiz murgildu aurretik, Bilaka dantza taldeak eman dio amaiera ekitaldiari.

23. KORRIKAren balorazioa bihar, martxoak 25, egingo du AEK-k, goizeko 10:30ean, Baionako Askatasun plazan, aurtengo edizioa amaitu den lekuan bertan.

Eskerrik asko, Euskal Herria!

Gora KORRIKA, eta biba euskararen Herri Harroa!

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

Azken aldaketa: Igandea, 24 Martxoa 2024 12:44