Egin zaitez laguntzaile eta gozatu eskaintzen dituen abantailez NOLA?

Arrow up
Arrow down
Barnetegiak Barnetegiak
Astelehena, 25 Martxoa 2024 10:01

Herria harro egoteko modukoa: inoizko KORRIKArik erraldoi eta anbiziotsuena igaro da, Irundik Baionarat

2.800 lekuko-aldaketa, 4.900 eramaile eta 11 egun zein 10 gau igaro ondoren, 23. KORRIKAk amaitu du bere ibilbidea, Irundik Baionarat. Inoizko KORRIKArik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa.

Beste behin, euskararen herriak Euskal Herri osoko errepide eta kaleak hartu ditu. Itzela izan da: argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako: horrez ordez, egiazko trantsizio bat nahi du.

Parte-hartze masibo hori herri gisa egin dugu, denok batuta. Genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz gerturatu dira KORRIKAra, euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, herri-aldarri alai eta tinko honetara. Haietako batzuk euskaradunak dira dagoeneko; beste batzuk, euskaradunak ez izanagatik ere, badira euskararen munduaren zati. Ateak zabal-zabalik dituzte guztiok; barneratzeko bidea, libre. Euskararen herrian eroso bizi ahal izateko desioan, lekua dago edonorentzat.

Etorkizunerako asmoak gauzatzeko, baina, denon laguntza behar dugu: instituzioena, kolektiboena eta norbanakoena. Harro gaude, bai, baina ez konforme. Euskararen ezagutzaren doakotasuna, unibertsaltasuna, hizkuntza-politika ausartak... jomuga dira oraindik. Asmatu beharko dugu, era berean, nola bideratu egunotan metatutako indarrak, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko, elkarlanean; euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak ematen segi dezagun.

AEK-k KORRIKAren inguruan ezarritako helburuei dagokienez, argi dago horietako bat nabarmen bete dugula: euskararen aldeko kontzientzia astindu du KORRIKAk, herri-gogoa hauspotzea lortu du. Lasterketan bertan parte-hartze masiboa igartzeaz gain, etxetik ere inoizko KORRIKArik ikusiena izan da hau, aurrekoaren marka oro hautsita, neurri handi batean sare eta hedabideen elkarlaneko lanari esker. Halaber, aurreikuspen ekonomikoak ere onak dira, oraindik goiz bada ere arlo horretako xedera iritsi garen adierazteko.

Amaitzeko, AEKtik azpimarratu nahi dugu biziki poztu gaituela edizio honen omenduen aldarria —Azterketak Euskaraz kolektiboarena, alegia— zabaldu izanak. Bihotz-bihotzez, espero dugu KORRIKA honetan izan duen ikusgarritasuna akuilu bihurtuko dela haien helburuak lortzeari begira.

AEK-k antolatzen du KORRIKA, baina AEK bideratzaile besterik ez da; atzean, komunitate sendo bat, Herri Harro bat, prest dago parte hartzeko. Hori dela-eta, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu era batera edo bestera auzolan erraldoi honetan esku hartu duten guztiei.

Eskerrik asko, Euskal Herri!

Gora KORRIKA, eta biba euskararen Herri Harroa!

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

 

Azken aldaketa: Astelehena, 25 Martxoa 2024 11:02