7. OMENALDIA
24. KORRIKAko omendua ERRIGORA da euskararen alde egiten duen lanagatik.
Hauxe da KORRIKAk Errigora omentzeko eman duen azalpena: |
|
Ekimen herritarra da Errigora, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes ditu. Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonan eragiten du, bertako berezko elikagaiei Euskal Herrian bide emanez, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz.
Korrikak bezala, euskal herritar asko mobilizatzen ditu, eta lanean dihardu euskararen aldeko ekintzaileekin. Euskal Herri osoan da ezaguna, eta bat egiten du Korrikaren balioekin. Guztion arazo komunei bertatik bertara erantzuten saiatzen da, baita etorkizuneko erronkei erantzuna ematen ere, izan larrialdi linguistikoa, klimatikoa edo/eta nortasunaren ingurukoa. |
|
Baina, zergatik esaten da euskararen alde egiten duela? Bada saskiak duen balioaren %25 lau erakunde hauek laguntzeko bideratzen delako: AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia.
Azken honek, Agerraldiak, zonaldeko euskal hiztunengan eta euskaraz bizi nahi dutenengan duen garrantziaz jabetzeko, ikusi ondorengo bideoa: |
Bakoitzak 8 produktuz osatutako saskia prestatuko duzue Errigoraren webguneko lehengai zerrenda begiratuta. Agerraldiarekin bat txantiloian idatzi beharko dituzue proposatutako produktuak eta haien jatorria edo herria.
Azpialdean, helburua idatzi beharko duzue, alegia, saskitik lortuko zenuketen diruaren %25 euskalgintzari lotutako zein ekimen antolatzea gustatuko litzaizueken (jaialdiak, hitzaldiak, kontzertuak, txapelketak…) Bideoan agertu dira adibide batzuk baina beste edozein ekimen ere proposatu dezakezue (jarduera gauzatzeko fitxa baliabideen atalean duzue).
Azkenik, proposatutako ekimenaren berri emango duen kartela diseinatuko duzue, zer, noiz eta non den zehaztuz (irakasleak egoki ikusiko balu, kartelak modu digitalean egiteko aukera izan dezakezue).
Jakizue orain duzuela Errigoraren saskia erosi eta Nafarroa hegoaldeko euskaltzale eta euskalgintzari laguntzeko aukera, otsailaren 26tik martxoaren 17ra Eskutik Eskura kanpaina abian baita!